EHIGE eta BIDEZKO ELIKADURA-ren eskutik eskola-eremuko elikadura hobetzeko jarduera batzuk antolatu ditugu gure eskolan Hazi Bizi proiektuaren baitan. Hazi Bizi jangelaren kudeaketa eredua aldatzeko eta orokorrean gure eskolako elikaduraren inguruko lanketak egiteko asmoz sorturiko proiektua da. Urteak daramatzagu lanean EHIGE eta BIDEZKO ELIKADURA-ren laguntzarekin eta antolaturiko jarduera hauen helburu nagusia eskolako komunitatea sentsibilizatzea eta Hazi Biziko lan taldea indartzea izan da. 

Lehen ekintza otsailaren 2an antolatu genuen: Menu Perfektua izeneko Scape School-a eXperientziak taldearen eskutik. Menu perfektua ikasleek eta haien familiek eskola jantokiek duten garrantziaz eta hezkuntza integral, osasungarri eta kritiko batean duten eraginaz hausnartzeko ihes gela bat da. Abentura horretan, Txef Ozpina eta Txef Eztiaren gidaritzapean elikadurarekin lotutako enigma eta erronken bidez eskola jantokiaren funtzionaltasuna eta haren inguruko guztia aztertzen jardun zuten haur zein helduz osaturiko hainbat taldek. Modu ludiko eta oso dibertigarrian elikadura eta jantokien inguruko lanketa oso polita izan zen. Eskeinitako talde guzti-guztiak bete ziren eta arratsalde pasa polita egin genuen.

Ondoren, gurasoentzat elikadura eskolak antolatu genituen eta 4 saiotan banaturik ondorengo gai ezberdinak jorratzeko aukera izan genuen:


1. SAIOA: Nork erabakitzen du jaten duguna? (Otsailak 26)


Saio honek nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren funtzionamendua argitzea izan du helburu, korporazio gutxi batzuk merkatuan nola nagusitzen diren aztertuz. Kontsumo-ohiturak egokitzeko moduari buruzko aholku praktikoak eman zizkiguten, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik aukera iraunkorragoak ahalbidetzeko.


2. SAIOA: Nola jan dezakegu hobe? (Martxoak 4)


Nutrizioan oinarri bat eskaintzeaz gain, modulu hau familiak gomendio praktikoekin hornitzeko diseinatu da, haur eta gazteek elikadura-erregimen osasungarria har dezaten bermatuz.


3. SAIOA: Nola hobetu dezakegu jantokietako elikadura (Martxoak 11)


Parte-hartzaileek ikastetxeetako elikadura-ingurunea eraldatzeko estrategiak ezagutu zituzten, jantokiko menua hobetzetik ikasleen hamaiketakoetan eta askarietan aldaketa positiboak sartzeraino.


4. SAIOA: Platerak eta pantailak: elikadura eta sare sozialen erabilera konszienterako erabilerak (Martxoak 18)


Sare sozialetan eta eskola jantokian dauden estereotipoak identifik atzeko eta kontrajartzeko gakoak.

Talde handiegiak izan ez arren oso aktiboki parte hartu zuten partaideek eta elikadura eta jantokien egoeraren informazio interesgarria jasotzeaz gain, Hazi Bizi proiektuak etorkizuna baduen sentsazioarekin amaitu genituen saioak.

Hitzaldiak iraun bitartean haurrentzako txoko berezi bat antolatu zen, non Katiuska eta bere lagunek haurrekin gaiarekin loturiko ekintza ugari egin zituzten. Gainera, txori txiki batek esan digu haurrak oso gustora egon zirela Katiuskarekin eta batzuk errepikatzeko gogoz etortzen zirela aste batetik bestera.

Beraz, balorazio oso positiboa egiten dugu eta proiektuarekin jarraitzeko indar gehiagorekin sentitzen gara. Saioetara etortzeko aukerarik izan ez bazenuen, baina gure proiektuan interesa baduzu edo parte hartu nahi baduzu idatzi ondorengo emailera eta zurekin harremanetan jarriko gara.

e-maila: hazibizi@ni.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude